Duela hiru urte hasi zen Naxker taldearen ibilbidea; Atarrabiako txosnetan, hain zuzen ere. Abestien bertsioak egiten hasi ziren, eta 2024an Matxenia II EP-a kaleratu zuten. Orain, berriki, irailaren 25ean EP berri bat kaleratu dute: 'Nori jarriko dizkiozu gure abestiak?' Nerea Arrasatek (bateria), Jaione Baraibarrek (teklatua), Ainhoa Garciak (gitarra), Karmele Gurbindok (ahotsa) eta Aritz Martxinek (baxua) osatzen dute taldea, eta nolabait, ildo beretik jarraitu dute azken lan honetan.
Ainhoa Garciaren esanetan, pixkanaka, bertsioak setlistetik ateratzen hasi dira: “Gure lehenengo EPak sei abesti dauzka, eta horrekin ez digu kontzertu oso baterako ematen; orain, beste bost dauzkagu”. Bertsioak jotzen jarraituko duten arren, EP hau ateratzeko “presa” zuten, nolabait; izan ere, kontzertu